http://www.hikhasi.com/artikulua/707
LASKIBAR, Iker. Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan trebatua Ekarpena Teknologia berriak: Teknologia berriak hezkuntzan
Zenbakia 64. alea
Data 2002(e)ko urtarrila
Idazlea LASKIBAR, Iker. Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan trebatua
Saila Ekarpena
Dirudienez, Teknologia Berriak ikastetxeetan sartu egin behar dira. Ia inork ez dauka dudarik. Dena den, gutxienez zalantza bat sortu behar zaigulako ustean nago: Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?
Batzuek diote ikastetxeetako lana sozializatzea dela. Beraz -jarraitzen dute-, Teknologia Berriak gizartean daudenez, ikastetxeek teknologien mundu horretan bizitzeko trebetasuna garatu behar dute. Nire ustez, arrazoiketa hori gezurrezkoa da. Denok dakigu indarkeria ere gizartean dagoela, baina hori ez da nahikoa gure ikasleak jotzeko edo babes teknikak erakusteko. Orduan, zergatik sartu behar dira Teknologia Berriak ikastetxeetan? Arrazoi sinpleago bategatik: Teknologia Berriek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako, eskoletara iristeko eta sartzeko denbora luzea behar izan badute ere.
Duela hogei urte ordenagailuek izugarrizko itxaropena sortu zuten hezkuntza esparruan. Ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela sinesten zen. Helburu hori lortzeko, konduktistek geletan ezartzeko programa dezente hedatu zituzten, ordenagailua eskoletako elementu garrantzitsuena izango zelako ustean. Baina denborak sinesmen hori ustela zela frogatu du.
Ondoren, fidagaiztasunaren garaia etorri zen. Ordenagailuak bazter batean utzi ziren, ia ezertarako ez zutela balio argudiatuz. Makina garestiak ziren eta irakasleei ez omen zieten batere laguntzen. Alabaina, azaldutako atsekabea laster aldatu zen, Internet sortu zenean informazio digitalaren garrantzia benetan ulertu baitzen. Alde batetik, testuak formatu digitalean gorde ditzakegu. Zer da informazio digitala? Papera eta informazioa bereiztea. Jadanik ez dugu paperik behar informazioa alde batetik bestera mugitzeko. Lehen liburu bat bidaltzeko paketea postontzian sartu eta iritsi arte itxaron behar genuen; gaur egun, dokumentu bat edozein lekutara bidaltzeko ez dugu denbora gehiegi itxaron behar, segundo pare bat baizik. Posta elektronikoaren edo e-mailaren bidez ia edozein dokumentu bidali dezakegu hartzaileak behingoan jasoko duela jakinez.
Informazio digitalaren iraultza ulertzeko, esan daiteke, adibidez, diskete batean 870 orriko testu bat gorde dezakegula eta CD batean ia 600.000 orriko testua. Bestalde, txat solasguneen bidez ikasleek edozein herrialdetako ikasleei idatz diezaiekete eta beraiengandik erantzuna jaso, aldi berean. Txat solasguneen erabilera oso interesgarria iruditzen zait ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza irakurtzen eta idazten ikasteko. Baina, irakasleentzat ere erakargarria da: urruti dauden irakasleak gela birtual batean elkar daitezke elkarren esperientzietatik ikasteko eta materialak elkarri eskuratzeko.
Interneti esker, eskolako web orrian gurasoei bidalitako oharrak, ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, curriculuma, gaien apunteak, etxerako lanak, ezagupenak sakontzeko bibliografia, ordutegiak eta abar jar ditzakegu. Hipertestua ere oso interesgarria izan daiteke gai batzuk irakasteko. Ikertzaileen artean eztabaida gogorra dago hipertestuari buruz, eta seguraski, laster ikusiko dira hezkuntza munduan aplikatzeko ondorio interesgarriak. Dena den, gai horietaz guztiotaz hurrengo artikuluetan arituko gara.
Ikastetxean Internet izanez gero, NASAk duen web orrian sar gaitezke eta ilargiaren argazkiak jaso, edota ikasleei edozein gairi buruzko informazioa lor dezaten eskatu. Hedabideek , orokorrean, eta ordenagailuak , konkretuki, informazioaren ateak irekitzen dizkigute. Nahi dugun gaiari buruzko informazioa aurki dezakegu Internet sarean. Gure arazo bakarra informazio hori aurkitzea da.
Nire ustez, gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzateke. Horrela, gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatu egin beharko genuke. Jende askok dio ordenagailuaren eginkizuna ikasleak aktibitate mekanikoetan trebatzea dela. Hezkuntzari aplikaturik sortu diren ia programa informatiko guztiak hori egiten dutela dirudi. Ikuskera hori konduktisten antzekoa da. Konduktismoa oso interesgarria iruditzen zait, baina era orokorrean hezkuntzan erabiltzeko, ez hainbeste. Nire ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea. Hezkuntzari aplikaturiko Teknologia Berrietan sartuta gaudenok ez dakigu nola aldatuko diren gauzak, ezta norantz aldatuko diren ere. Nolanahi ere ziur gaude mundu hau mugitzen ari dela. Eta nahitaez Teknologia Berriak eta hezkuntza nonbait topatuko direla dirudi.
Teknologia berriak: Teknologia berriak hezkuntzan
ARTIKULUAREN IRUZKINA
Teknologia Berriak sartu behar al dira ikastetxeetan? Zergatik?
Galdera hori erantzuten saiatzen da testuaren egileak.Gai honen inguruko hausnarketa sakona egiten du. Aipatzen digu batzuen ustez, Teknologia Berriak ikastetxean sartu beharreko arrazoi ugari daudela, batez ere teknologia hauek gizartean duten indarra ikusita .Artikuluko idazleak ez du zalantzarik teknologia berriak ikastetxeetan sartu behar direla, baina horiek hezkuntza arloan aukera interesgarriak eskaintzen dizkigutelako. Guk bat egiten dugu ideia horrekin.
Aspaldian ordenagailuak irakasleen ordezkoak izango zirela pentsatzen zen.Denborarekin konturatu ziren ordenagailuak ezin zituztela irakasleen papera bete eta ordenagailuak alde batera baztertu ziren, baliogarritasun gutxi zutela argudiatuz.Baina laster, internet sortu zenean, informazio digitalaren garrantzia ulertu zen.Argi dago informazio digitalaren erabilerak hezkuntza arloan aukera ezin hobeak ematen dizkigula.Duela gutxi arte mesfidantza eta beldur apur bat zegoen teknologia berri hauen erabileraren inguruan , baina gaur egun bai eskoletan bai unibertsitatean ezinbesteko baliabidetzat ditugu informazio digitalak, txatak, korreoak…
Informazio digitala garrantzia hartzen hasi zen garaian informazioa paperetik bereizteko aukera ematen zuen. Informazio digitalarekin informazioa alde batetik bestera mugitzeko paperaren beharra desagertarazten zen, testuak formatu digitalean gorde zitezkeen. Gainera dokumentuak bidaltzeko denbora motzean egiteko aukera ematen hasi zen. Hori dela eta,E-maila edo posta elektronikoa lan hori egiteko bitarteko ezin hobea bilakatu zen.
Idazleak dio, txata beste bitarteko ezin hobea dela hezkuntzarako.Honen bidez, ikasleak edozein herrialdetako beste ikasleekin komunikatu daitezke.Bere ustez, hizkuntzak ikasteko oso baliabide egokia da txat-a.Gainera irakasleentzat txata bitarteko bikaina bilakatzen da beste irakasleekin materialak trukatzeko, esperientziak trukatzeko…
Internet dela eta gurasoak ere ikastetxeari buruzko informazioa jaso ahal dute.Web orrien bidez ikastetxearen ordutegiak, Hezkuntza Proiektua eta bestelakoak jaso dezakete.
Bestetik idazleak hipertestuaren garrantziaz hitz egiten digu, bere ustez laster ikusiko dira baliabide berri honen ondorio positiboak hezkuntza munduan. Laskibarrek dio gela bakoitzean sarean konektatutako ordenagailu bat eduki beharko litzatekeela gaur egungo hezkuntzaren ikuskera aldatzeko. Bere ustez, ikasleei irakats diezaiekegun alderdirik garrantzitsuena behar duten informazioa beren kabuz lortzea da. Eta horrekin batera, beste helburu garrantzitsuago bat lor dezakegu: hau da, ikaslearen autonomia sustatzea.Gure ustez, gaur egun eskola gehienetako klaseetan sarera konektatutako ordenagailu bat dago.Hori arrazoi guzti hauen adierazle da: gaur egungo hezkuntzan beharrezko tresna dugu internet.
Zalantzarik gabe, teknologia berriak aukera handiak ematen dizkigute gaur egungo hezkuntzan. Gure taldeko hausnarketan informazio digitalaren garrantzia azpimarratu nahiko genuke.Bai ikasleek bai irakasleek baliabide bikaina dute gaur egungo hezkuntza sisteman informazioa modu azkar eta seguruan bidaltzeko, informazioa trukatzeko…
Irakasleen arteko material trukaketak modu azkarrean eta aberatsagoan egin daitezke.Ikasleek ere informazioa oso modu azkarrean lortu dezakete.
Uste dugu internet haurren autonomia garatzeko baliabide bikaina izan daitekeela.Alde batetik informazioa bilatzen aukera ugari emango dizkiolako haurrari(erabilera egokiarekin )eta bestetik lortutako informazio horren aukeraketa egokia egiten ikasiko duelako.
Ateratzen dugun ondorio nagusia da, denboraren poderioz teknologia berrien erabilera bai hezkuntzan bai gizarteko beste hainbat esparrutan aukera oso onak ematen dituztela.Bestetik, lehenengo uste okerrak , hala nola, ordenagailuak irakasleak ordezkatuko zituztela, desagertu egin dira. Gaur egun denok onartzen ditugu ordenagailuak, eta internet baliabiderik egokienak direla irakaskuntzarako.
Dena den, oso garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea teknologia berri hauek modu oso kontrolatuan erabili behar direla, aurrerakuntzak oso azkarrak dira eta mugak gainditu daitezke teknologia berriekin erabilera ez kontrolatua egin ezkero.
No hay comentarios:
Publicar un comentario